XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nik ez dakit inoiz ikusi duzuen giza gogamenaren maparik.

Medikuek batzutan gure gorputzaren beste atalak marrazten dituzte, eta mapa hori oso interesgarria irudituko zaizue agian, baina esaiezue medikuei saia daitezela haur baten gogamenaren mapa bat egiten; kostako zaie; izan ere, oso nahasia izateaz gain, jira eta bira dabil gelditzeke.

Zigzag marrak ageri dira, zuen sukarra adierazteko erabiltzen den txartelean bezalaxe, eta zig-zag horiek uharteko bideak dira, nik uste, izan ere Inoiz-Ez lurraldea kolore ikusgarrizko zirriborroz margotua dago; handik eta hemendik, bertan ageri dira koralezko arrezifeak eta itsas handiko untzi baten antzeko zerbait, eta harzulo bakarti basatiak, iratxoak, gehienak jostuanak hauek; eta kokak, barrenean zehar ibai bat dutenak; eta sei anaia zaharrago dituzten printzeak, eta gainbehera eror zorian dagoen etxola bat, eta atso zahar sudurroker bat.

Hori besterik ez balitz, nahiko erraza litzateke mapa hau; baina han dago baitere, lehenengo eskola eguna, erlijioa, urtegi borobila, josketa lana, asasinoak, kondenak, nor-nori-nork aditzak, txokolatezko tarta, lehendabiziko tiranteak, laurogei eta hemeretzi esatea, zure hortza zerorrek ateratzen baduzu emango zaizkizun hiru penikeak, eta antzeko beste hainbat gauza; eta litekeena da guzti hori uhartearen zati bat izatea, edo agian mapa honetan zehar beste mapa batzuk ageri dira, eta guztia oso nahasian geratzen da, eta ez dago geldi ezertxo ere bere barruan.

Inoiz-Ez lurraldeak guztiz desberdinak dira elkarren artean, noski.

Jonenak, adibidez, aintzira bat zeukan, eta bera tiroka ari zitzaien honen gainean hegan zebiltzan flamenkoei; Mikelenak, ordea, askoz txikagoa zenez, flamenko bakarra zeukan, eta aintzirek egiten zuten hegan flamenkoaren gainean.